Amaraun Arte Fabrikak lapurreta gogorra salatu du

MUGA MUSIKA
Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikak jakinarazi du azken egunotan lapurreta larri bat jasan duela. Kultur espazio honen arabera, euren eguneroko jarduerarako ezinbesteko materiala eraman dute: mikrofonoak, kableak, bozgorailuak eta bestelako ekipamendu teknikoa. Lapurrak berriz ere eraikinean sartu eta instalazioak guztiz nahaspilatu dituzte.

Eraso honek egoera ekonomiko oso zail batean utzi du kolektiboa, baina hala ere ez dute etsitzeko asmorik. Ohar batean argi adierazi dutenez: “Eraso honek ez gaitu jokoz kanpo utziko eta urte bukaera arteko ekintzek aurrera egingo dute. Orain inoiz baino gehiago, zuen babesa eta elkartasuna beharko ditugu gertatutakoari aurre egiteko”, esan dute Amaraunetik.
Datozen egunetan informazio gehiago emango dutela iragarri dute, eta herritarrengandik zein inguruko eragileengandik babesa jasotzeko deia egin dute.





